XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

horien aburuz, egintza zioduna izan behar da likidazioak aldatzen duenean subjektuak aurkeztutako tributu zorra.

Aldaketaren arrazoia izan daiteke oinarria handitzea, edota bestelako osagairen bat aldatzea (hala nola, karga tasa, zerga oinarriaren kenkariak, kuotaren kenkariak, onura fiskalak...).

Jakinarazpena subjektuaren egoitza fiskalean egiten da eskuarki.

Horretarako, posta ziurtatua erabiltzen da, hartu izanaren adierazpena duena.

Postariak likidazio-hartzaileari eman behar dio jakinarazpena edo, bestela, egoitza fiskalean dagoen pertsonari baldin eta pertsona hori hamalau urtekoa baino nagusiagoa bada;

azken kasu horretan, postariak bere libretan jaso behar du pertsona horren eta likidazioaren subjektuaren arteko lotura edo senidetasuna.

Interesatuari likidazio egintza jakinarazi ezin dakiokeenean, Administrazioari ezin egotzi ahal zaizkion arrazoiak direla-eta, orduan agerraldien bidez jakinaraziko zaio.

Ildo horretatik, 1998az geroztik, iragarkia aldizkari ofizialean argitaratu behar da, interesatua Administrazioaren bulegoetan ager dadin, iragarkiaren argitalpenetik zenbatzen hasi eta hurrengo hamar egunetan.

Subjektua agertuz gero, orduantxe jakinarazten zaio likidazioa; agertu ezean, ostera, likidazioa jakinarazitzat jotzen da, hamar egunen biharamunetik zenbatzen hasita.

Salbuespen bezala, jakinarazpena ediktuen bidez edo iragarkien bidez egin daiteke, subjektuaren egoitza fiskala jakiten ez denean, edota aldizkako zenbait tributuren kasuan, baldin eta tributuok ordainagirien bitartez biltzen badira (edonola ere, erroldan alta ematea eta lehenengo likidazioa ezin dira ediktuen bidez jakinarazi).

TLOren 125. artikuluak jakinarazpen akastunez dihardu.

Lehenengo lerrokadaren arabera, jakinarazpena akastuna izan arren, eragingarria da honako kasuotan: subjektuak horren berri duela erakusten duenean, likidazioaren aurkako errekurtsoa jartzen duenean edota, azkenez, sarrera egiten duenean.

Edozein kasutan, hurrengo baldintzok betetzen direnean, jakinarazpen akastuna eragingarria da: egin den unetik sei hilabete igarotzea, subjektuak akatson zuzenketarik eskatu gabe; jakinarazpena pertsonala izatea; eta, azkenik, jakinarazpen horrek egintzaren testu osoa jasotzea.

Likidazioen jakinarazpenak zabaltzen du tributua ordaindu eta errekurtsoa jartzeko epea.

Horregatik, legeak eta jurisprudentziak garrantzi handia eman diote jakinarazpenaren betekizunak artez betetzeari.

Horiek bete ezean edo akats ongiezinik izanez gero, likidazioaren jakinarazpena ez da eragingarria, subjektuaren defentsarik eza gertatzen baita.